Landarlan Ingurumen Elkarteak sustatutako Garalar Maralar ipuin-bildumaz gozatzeko aukera izan dugu. Lau ipuinek Aralarko mendietara hurbiltzea dute helburu, bertako bide, gailur eta kobazuloetan barneratzea.

Joanes artzaina, Goliat txakurra eta Aiert eta Maren anaia-arrebak protagonista dituzten abentura eta pasarteek, naturara hurbiltzeaz gain, inguru horietan jaso diren gertakari, elezahar eta istorioez gozatzeko aukera ematen dute.

Behin eta berriro irakurri ditugu liburuak.

Aralar garela sentitu dugu. Ausartu gara, ahozkatu ditugu hitz magikoak, eta sartu gara…

Abentura honetan, Patxi Zubizarreta idazlea eta Jokin Mitxelena ilustratzailea ikastolan izan dira, haiekin elkartrukatu ditugu iritziak, ederki pasatu dugu irudi eta hitzekin jolasean.

Mila esker, Patxi eta Jokin, zuen bidelagun sentitu gara, plazera izan da.