Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna, martxoaren 8a, gogotik ospatu eta aldarrikatuko dugu Jakintzan. Emakumeen eskubideen aldeko borroka ezberdinak gogoratzeko, zein eskubide horiek bete daitezela eskatzeko erabiliko dugu eguna eta, Jakintzako irakasleriak, ikasleen laguntzarekin, egitarau oparoa antolatu du, HHtik hasi eta Batxilergoraino. Aurten, bizi dugun pandemia egoera dela eta, ekintza guztiak ikastolan bertan burutuko ditugu, baina horrek ez die inongo garrantzirik kenduko.

Haur Hezkuntzako haurrek mural erraldoia osatuko dute eta euren bizitzan emakumeek duten garrantzia balioan jarriko dute.

Lehen Hezkuntzako lehen zikloko ikasleek inguruan dituzten emakumeek euren bizitzan duten garrantziaz hitz egin eta marrazkiak ere egingo dituzte. Bigarren ziklokoek, berriz, marrazki bizidunetan, pelikulatan… emakumeek duten rola aztertuko dute eta lelo desberdinak ekoiztuko dituzte. Hirugarren ziklokoek ikus-entzunezkoen bitartez, emakumeen egoera historian zehar aztertuko dute eta gaur egun bizi den errealitatearekin alderatuko dute. Lanketa horrekin lan baldintzen, indarkeriaren eta erabakitzeko aukeraren inguruko leloak argitaratuko dituzte eta ekoiztutako bertso bat abestuko dute.

Bigarren Hezkuntzan egitarau oso betea osatu dute eta ertz guztietatik helduko diote gaurko eguneko borrokari. Azpimarratzekoa da DBH 2tik aurrera “Euskaratik emakumearen ahalduntzera” izeneko ekimena. Honen bitartez, “Noka, nika eta guka” artikulua aztertu eta landuko dute “Ene kuttun” eta “Marinelaren zai” abestiekin batera. Egun osoan zehar, musuko lila jantziko dute emakumeen borroka bisualizatzeko.

Bestalde, urtero legez, Bigarren Hezkuntzakoek Lilatoian parte hartu dute eta euren kamisetarekin argazkiak aterako dituzte.

Ikus dezakezuen bezala, gaurko eguna ez da egun arrunt bat izango eta emakumeen eskubideen aldeko borrokak, era guztietako ekimenekin, bultzada on bat jasoko du gure ikastolan.

Gora Jakintza hezkidetzailea!