Irakurketa bizipenetik landu behar da eta ez bakarrik ikerketa filologikotik. Irakurtzeak galderak egiteko eta, batzuetan, erantzunak aurkitzeko ere  balio duela erakutsi behar zaie gure ikasleei; tresna gisa eskaintzea, alegia. Hori gutxi balitz, irakurketak gure ikasleen sormena esploratzen lagun diezaguke, dirudiena baino handiagoa izaten baita.

Ikasturte honetan zehar, irakurketa desberdinak egitera gonbidatu ditut: nobela bera irakurtzera, bi ipuin labur eta azkenik, lau proposamenen artean bat aukeratzera.

Era berean, irakurketa modu desberdin eta pertsonalean lantzeko aukera ugari eskaini dizkiet: gehien iradoki dizkieten pasarteetatik abiatuta, euren hausnarketak egin dituzte, nobelaren argumentua oinarri hartuta, eleberriaren elementu garrantzitsuenekin (15 bat gutxi gorabehera) konposizio bat sortu behar izan dute eta knollingaren teknika erabiliz argazki bat atera dute.

Baina, gainera, irakurketa-egunkaria idaztea proposatu diet, irakurketa-esperientzia beste modu batean bizitzeko. Hori sortzeko, urrats hauek eman dituzte:

  • Eleberri motz bat irakurri ondoren, noranahi eraman zezaketen koaderno bat edo tamaina ez oso handiko egunkari bat lortzeko eskatu nien.
  • Irakurketa eta idazketa txandakatu behar zituzten. Liburuak sortzen zizkien sentsazioak koadernoan idatzi behar zituzten. Zer emozio transmititzen zizkien? Zertan pentsatzen zuten irakurtzen zuten bitartean? Izan ere, nahi zutena adieraz zezaketen: pertsonaiekin partekatutako sentimenduak, irakurketarekin bat-batean berpiztu ziren iraganeko oroitzapenak, tramari buruzko iritziak, hausnarketa zoroak…
  • Animatu egin nituen, noski, euren burua erosoen sentitzen zuten moduan adieraztera, idazkera askearen alde egitera, eta zenbait lengoaia nahastera ere. Ildo horretan, olerkiak, marrazkiak, abestiak, argazkiak eta lettering asko izan zitezkeen, besteak beste.
  • Eta, azkenik, koadernoan sarrera bat idazten zuten bakoitzean data jartzeko iradoki nien eta luzeraz ez kezkatzeko adierazi nien. Garrantzitsuena, pisua baino gehiago, kalitate sortzailea zen.

Egia esan, gozatu egin dut lan hauek irakurtzen. Une askotan harrituta geratu naiz. Haien gogoetek eta oroitzapenek  harritu naute, baita hunkitu ere. Izan ere, egin dituzten gogoeta ugarien artean, ikasle batek bere egunkariko orrialde batean zioena: Irakurketak nire barrenak hustutzeko balio izan dit eta dudan sormenaz ohartarazteko ere. Sentimenduen erraietara bidaia suposatu du. Ezin izan naiz zoriontsuago sentitu.

Amaitzeko, Liburuaren Nazioarteko Eguna solasaldi dialogiko batekin ospatuko dugu. Ba al da modu hoberik?

Horra hor ikasleek eginiko lanen adibide pare bat eta eginiko lan desberdinen argazki sorta:

[pdfjs-viewer url=”https%3A%2F%2Fjakintza.eus%2Fwp-content%2Fuploads%2FLA-VERSION-DE-ERIC.pdf” viewer_width=100% viewer_height=400px fullscreen=true download=true print=true]

[pdfjs-viewer url=”https%3A%2F%2Fjakintza.eus%2Fwp-content%2Fuploads%2FActividad-de-la-lectura-BIS.pdf” viewer_width=100% viewer_height=400px fullscreen=true download=true print=true]

Lanen irudi-sorta