Irakurketaren interesa sustatzeko erronka sortzaileak
Irakurketak adierazpen artistiko desberdinei aukera berriak ireki behar dizkie. Horregatik, ikasgeletako ezkutuko talentuak esnatzen saiatu behar dugu irakurketa desberdinekin baita ikasleen artean sormen kultura garatzeko aprobetxatu ere bai. Izan ere, irakurketa esperientzia pertsonal eta gogoangarri bihurtu behar dugu eta norberak bere trebetasunak erakusteko baliagarria izan behar du, hau da, sormena garatzeko ezinbesteko tresna bilakatu.
Ez da bidezkoa derrigorrezko irakurketez hitz egitea, inoiz elkarrekin agertu behar ez luketen bi hitz baitira. Irakurketa diziplinen arteko lotura-puntua da. Liburu batean literatura ezezik natura ere badago, kimika, fisika, soziologia, historia, geografia, psikologia, artea…
Helburua irakurtzea bada, irakurketara hurbildu behar ditugu. Eleberritik abiatuta erronka desberdinak proposatu diezaiekegu eta horixe izan da aurtengo DBH 4ko ikasleekin aurrera eramandako irakurketa eta lan-proposamenak. Nola antolatu hiruhileko irakurketak? Bizipen sortzaile gisa irakurtzea abiapuntu hartuta, honako hau egin dugu:
- LEHEN HIRUHILEKOA: gela osorako nobela eta sormen lan bera:
El príncipe de la niebla (Carlos Ruiz Zafón).
Protagonistaren logelaren maketa: Nerabeentzat logela, euren “tenplua” da. Haien nortasuna ondoriozta dezakegu logelan zer duten ikustean… Max Carver, eleberriko protagonista, herriz eta etxebizitzaz aldatu du. Nolakoa izango da bere logela berria istorioan zehar bizi duenaren arabera?
Kontua ez da liburuan deskribapenak bilatzea, baizik eta logela nolakoa izango litzatekeen irudikatzea.
Lana egiteko urrats hauek jarraitu behar dituzte:
- Bikoteka lan egingo dute.
- Eleberrian Maxentzat garrantzitsuak diren elementuak hautatuko dituzte (objektuak, bizipenak, pertsonaiak, lekuak)
- Garaiarekin eta gertakariekin bat datorren logela baten irudia bilatuko dute
interneten. Nahi izanez gero, ilustrazioak norberak irudikatzeko aukera izango du.
- Ilustrazioan agertuko diren elementu garrantzitsuenak Canva aplikazioarekin jasoko dituzte.
- Azkenik, objektuekin batera eta tramarekin duten erlazioa azaltzeko, dokumentu bat ekoiztuko dute.
Itxura xumea duen lana da, baina liburuko protagonistaren funtsa ezagutzeko aukera ematen du. Eta, nola ez, sormen hutsa da!
- BIGARREN HIRUHILEKOA: bost nobela aukeran eta lan-proposamen bakarra:
Mi hermana vive sobre la repisa de la chimenea (Annabel Pitcher)
La memoria de los seres perdidos (Jordi Sierra I Fabra)
Desnuda (Jordi Sierra I Fabra)
Desconocidos (David Lozano)
Nadie nos oye ( Nando López)
Irakurketa-egunerokoa: eta irakurtzen doazen heinean burura datozkien oroitzapenak adieraziko balituzte? Argazkiak itsatsi, marrazkiak egin eta lettering asko ere sar daiteke.
Horretarako ondorengo urratsak jarraitu dituzte:
- Lortu tamaina erabilgarriko koaderno edo egunkari bat edonora eraman ahal izateko.
- Irakurri eta idatzi koadernoan kontakizunak pizten dizkizun sentsazioak. Zer emozio transmititzen dizkizu? Zer pentsatzen duzue irakurtzen duzuen bitartean? Izan ere, nahi duzuena adieraz dezakezue: pertsonaiekin partekatutako sentimenduak, irakurketarekin bat-batean berpiztu diren iraganeko oroitzapenak, tramari buruzko iritziak, gogoeta zoroak…
- Adieraz zaitezte erosoen sentitzen zareten moduan, utz zaitezte idazkera askearen mende, eta anima zaitezte zenbait hizkuntza nahastera ere. Ildo horretan, poemak, haikuak, marrazkiak, abestiak, argazkiak eta lettering asko sar ditzakezue, besteak beste.
- Koadernoan sarrera bat idazten duzuen bakoitzean, data jarri eta ez kezkatu luzeraz, sormenaren kalitatea garrantzitsuena baita.
Batetik, lan aberatsa eta emankorra izan da. Ikasleak askatasunez aritu dira lanean, euren hoberena ematen saiatu dira eta oso lan ederrak aurkeztu dituzte. Bestetik, “catarsia” egiteko aukera izan dute, barrenak hustutzeko aukera paregabea, alegia eta nola egin ere! Irakasle bezala oso eskertuta nago!!
- HIRUGARREN HIRUHILEKOA: bost nobela aukeran eta lau lan-proposamen desberdin aukeran:
Tierra (Eloy Moreno).
Un lobo dentro (Pedro Mañas).
Ojos azules en Kabul (Anabel Botella).
Bis ( David Fernándes Sifres, Jorge Gómez Soto).
Lo que yo pienso (de todo) (Jordi Sierra I Fabra).
Spotify-ko playlist-a sortu: zer abesti entzungo lituzke zure eleberriko protagonistak? Protagonistari buruz esaten zaigun guztitik abiatuta, euren Spotify playlist-a sortu dute. Horretaz gain, abesti bakoitza aukeratzeko arrazoiak dokumentu batean idatzi dituzte.
Booktuber bihurtu: Booktuber-ak irakurri dituen liburuen aipamenak egiten ditu eta jarraitzaileei gomendioak ematen dizkie. Horretarako, proposatutako gidoia kontuan hartuko dute euren bideoa grabatzerakoan baita eredu gisa bidali zaizkien booktuber lanen bideoak ikusi beharko dituzte.
Oroitzapenen kutxa: zer oroitzapen gordeko lituzke kutxa batean zure eleberriko protagonistak? Nobela irakurtzen doazen moduan, garrantzitsuenak iruditzen zaizkien objektuak eta haien iritziz, protagonistak bere oroitzapenen kutxan gordeko lituzkeenak, zerrendatuko dituzte. Istorioa garatzeko funtsezkoak diren egoerak ere jaso ditzakete. 10-12 objektuen zerrenda bildu ondoren, eskuz egin behar dituzte. Aparteko dokumentu batean, gainera, objektu horiek eleberriaren traman duten lotura eta garrantzia xehetasunez idatzi eta zehaztuko dute.
Literatur Instagram-a: Eta Instagram-eko kontu bat sortzen badute eleberriko protagonistarena balitz bezala? KONTUZ! EZINBESTEKOA da familien baimena izatea eta ikasleen konpromezua ondorengoa da: kontu pribatu bat sortuko eta jarduera ebaluatu ahala, ezabatuko dute. Eleberriko protagonista momentuko influencer bihurtuko dute. @instagram-eko fikziozko kontu batekin eta protagonistatzat euren burua hartuz, irudi desberdinekin bidaiaren egunerokoa aurrera eramango dute. Kontua pribatua izango da eta soilik arlo akademikoan erabiltzeko balioko du.
Post-ak honako ezaugarri hauek izango dituzte: espazio desberdinak deskribatzen diren paisaiak, protagonistak topatzen dituen lagun berriak, bizitako emozioak, istorioan zehar sortzen diren hausnarketak…
Kronologikoki aukeratutako pasarteak argazki-oin gisa erabiliko dituzte baita zein orrialdeetan agertzen diren zehaztu ere. Gainera, hashtagen bat erabiltzea gomendatzen zaie, gaiari sinesgarritasun handiagoa eman nahi izanez gero. Kontuak guztira 20 post izan beharko ditu.
Irakurketa sustatu nahi badugu erabiliko dugun metodologia funtsezkoa da.