Ilusio handiz jakin dugu Ikastolen Elkartea izango dela 2023ko Ibilbideari Elkar Saria jasoko duen erakundea.
Euskal Herria euskalduntzeko ahaleginean Ikastolen Elkarteak egin duen bide luze eta ekarpen handiaren aitortza da.
Ezaguna da ikastolok euskal gizartean azkeneko belaunaldietan izan dugun eragina. Eta sari hau orain artean egindako lanaren aitortza da, ondo egindako lanaren adierazgarri, eta etorkizunean egitekoa dugunari ekiteko akuilu.
Ikastola mugimendua bizia, soziala eta konprometitua da, Euskal Hezkuntza Sistema eraldatzaile eta euskaldun baten alde apustu egiten duena. Muga administratiboez harago, Euskal Herriko herrialde guztietan euskararen transmisioa, belaunaldiz belaunaldi eta etenik gabe, ziurtatu ahal izateko lanean dihardu eta, transmisioarekin batera, kalitatezko hezkuntza ere bermatu nahian.
Ikastolok beharrezkoak gara Euskal Herria euskalduntzen eta Euskal Hezkuntza Sistema hobetzen jarraitzeko. Eta sari honek, etorkizunera begira jarri eta ibilbide horretan konpromisoari eutsi eta ekarpen gehiago egiten jarraitzeko indarra ematen digu.
Ibilbideari saria elkar Fundazioak urtero ematen duen saria da eta haren helburu nagusia, elkar Fundazioaren iritziz, euskal kulturari ekarpen aipagarria egin dion talde baten lana nabarmendu
eta saritzea. Ibilbide oso bati egiten zaion saritzea da, ez momentu bateko ekarpenari. Aldi berean, talde oso batek egindako lana indartzea du helburu, norbanakoen lorpenen gainetik.
Aitortzaren ekitaldia ostegunean izango da, maiatzaren 25an, 19:00etan Elkarrek Adunan duen egoitzan. Bertan izango dira saria jasotzen Jose Luis Sukia eta Koldo Tellitu, Ikastolen Elkarteko
zuzendari nagusia eta lehendakaria.
2016tik Ibilbideari elkar saria jaso duten erakundeak hauek izan dira:
2016: Gerediaga elkartea
2017: Eresbil Musikaren Euskal Artxiboa
2018: Euskal Memoria
2019: Euskaltzaindia eta Eusko Ikaskuntza
2020: Seaska
2021: Euskal Herriko Bertsozale Elkartea
2022: Elhuyar eta UEU