EUSKAL CURRICULUMA
IKASTOLA EREDUAREN HEZKUNTZA ETA CURRICULUM PROIEKTUA
Gaur egun adostasuna (teorikoa eta politikoa) duen baieztapena da Oinarrizko Hezkuntzaren bukaeran ikasleak lortzea espero den irteera-profila oinarrizko konpetentziak direla (Euskal Curriculumaren egitasmoa, 2005; Europako Batzordearen gomendioak, 2006; Loi d ́Orientation, 2006; LOMCE; Nafarroako eta EAEko dekretuak).
Oinarrizko konpetentziak ipar modura hartuz, Oinarrizko Hezkuntza osoa etenik gabe eraikitzen duen Hezkuntza-eredua garatzea da egungo nazioarteko erronka nagusia.
Nazioarteko erroka horri euskal ikuspegitik aurre egiteko aukera da eraikitzen ari garen Ikastola-ereduaren Hezkuntza eta Curriculum-proiektua.
Ikastolen proiektu komun honek bidea irekitzen du ikastola bakoitzak, lekuan lekuko ezaugarriak uztartuz, oinarri sendoekin bere curriculum-proiektua eraikitzen joateko.
AURRETIKOAK
EUSKAL CURRICULUMAREN EGITASMOA
Ikastolen Elkartean lantzen ari garen hezkuntza eta curriculum proiektuak Euskal Curriculumaren proiektuan du abiapuntua, hots, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak, Kristau Eskola elkarteko ikastetxeek, Sortzen-Ikasbatuaz taldekoek eta ikastolek lankidetza zabalean burutu zuten egitasmoan.
Egindako ikerketa-lanari esker, osotasun bat gorpuzten duten zenbait produktu ekoitzi ziren. Hain zuzen: Euskal Curriculuma: Kultur Ibilbidea. Herritik mundura eta mundutik herrira. Adituen ekarpena (2004); Derrigorrezko eskolaldirako euskal curriculuma. Oinarrizko txostena (2005); Derrigorrezko eskolaldirako euskal curriculuma. Euskal curriculuma baloratzeko eta hobetzeko proposamena (2006); Derrigorrezko eskolaldirako euskal curriculum espezifikoa: oinarrizkoa eta komuna (2008). Aipatu dokumentu horien osagarri, beste bi sortu ditu Ikastolen Elkarteak urte horietan egindako lanaren ondorioz: IKT Curriculuma. Lehen Hezkuntzarako proposamena eta Ikastolen Hizkuntza Proiektua, biak 2009an plazaratuak.
ASMOETATIK ERREALITATERA
OINARRIZKO KONPETENTZIEN ARABERAKO HEZKUNTZA EREDUA
Hezkuntza prozesu iraunkorra da, pertsonen bizitzako hainbat etapatara zabaltzen da, eta bere xedea da gizakiaren konpetentziak maila guztietan garatzea ahalik eta gehien, subjektu indibidual eta herritar aktibo gisa, bai eta konprometitua ere gizartearen garapenarekin eta ingurumenaren garapen jasangarriarekin. Oinarrizko Hezkuntzaren xedeak oinarrizko konpetentziak garatuz lortzen dira. Hortaz, Oinarrizko Hezkuntza osoaren ikuspegitik, Euskal Curriculumaren garapenerako hautatu den hezkuntza-eredu pedagogikoaren baitako curriculum-diseinua egin da, zeinaren ezaugarri bereizgarriak dira ondorengoak:
1. Ikaslearen irteera-profilean oinarritutako curriculuma
Ikasleen irteera-profil orokorrak definitzen ditu ikasleak Oinarrizko Hezkuntza amaitzean lortu behar dituen oinarrizko konpetentziak (metadiziplinarrak eta diziplinarrak), hezkuntza-xedeak lortzeko eta bizitzako eremuetako egoeretan moldatzen jakiteko. Ikaslearen irteera-profila abiapuntu, ondoko lau osagai kurrikular hauek elkarrekin, era orekatuan, integratzen ditu curriculum-diseinuak:
a. Konpetentzietan oinarritutako curriculuma: Integrazioaren pedagogia
Oinarrizko konpetentziak garatzeko hautu pedagogiko koherentea konpetentzietan oinarritutako curriculuma da. Eredu desberdinen artean integrazio pedagogiaren hautua egin dugu: Konpetentzia bakoitza egoera-familia batekin lotzen da eta egoera horiek ikaslearen irteera-profilarekin lotzen dira.
b. Euskal curriculumeko kultur ibilbidean oinarritutako curriculuma
Konpetentzien araberako hezkuntzaren ikuspuntutik beharrezkoa da jakintza akademikoak eskuratzea, baina ez da nahikoa. Konpetente izateko, beharrezkoa da, baita ere, eskuratutako jakintzak modu integratuan mobilizatzen jakitea bizitzako egoerei aurre egiteko.
Administrazio desberdinetako curriculum ofizialek eta konpetentzien baitako hezkuntza-ereduak eskatzen dituen curriculum-edukiekin batera, berezko tokia hartzen dute curriculum diseinuan gure kultura-ondarean errotuta daudenak. Horrela, euskal kultura ezagutzeko, ulertzeko, sentitzeko eta harekin erlazionatzeko aukera eskaintzen du, gurearekin kontaktuan dauden beste kulturak elementu positibotzat hartuz eta ezagutuz. Horrekin, norberaren kultura aberastuz eta mundura zabalduz, ikasleari bere nortasuna eraikitzeko aukera eman nahi zaio.
c. Prozedura metadiziplinarrak arlo guztietan integratzen dituen curriculuma
Prozedurak metadiziplinarrak dira, ikaslearen irteera-profilean aurreikusitako hezkuntzaren xedeak eta oinarrizko konpetentzia metadiziplinarrak eta diziplinarrak lortzeko ezinbesteko operadoreak edo bitartekariak. Oinarrizko eskolaldiaren funtzio nagusia baldin bada ikaslea bizitzarako presta dadila lortzea, horrek eskatzen du ikasleak pentsatzen eta ikasten jakin behar duela, kode ezberdinak erabiliz komunikatzen jakin behar duela, elkarrekin lana egiten eta bizitzen jakin behar duela, norbera izaten jakin behar duela eta egiten eta ekiten jakin behar duela. Lorpen hori ahalbidetzeko, prozedura metadiziplinarrak integratzen dira ikas arloetan.
d. Euskara ardatz duen eleaniztasuna bideratzen duen curriculuma
XXI. mendeko gizartea eleanitza da, eta behar horri erantzuteko euskal herritar eleanitzak hezi behar ditugu, ikasleek bizitzako egoera bakoitzak eskatzen duen ahozko zein idatzizko hizkuntzaren erabilera egokia eta eraginkorra egin dezaten gaitzeko. Baina gurea bezalako hizkuntza minorizatuaren kasuan, ikuspegi eleanitz honek baditu kontuan hartu beharreko aldagai garrantzitsuak. Agerikoa da ingurunearen baldintzek eta gizarte harremanek gaztelania/frantsesa erabiltzera bultzatzen dutela. Bestalde, urteetako eskarmentuak erakutsi du eraginkorra dela, ikasleek ahoz eta idatziz egoki komunikatzeko, irakas- eta ikaskuntza-prozesuan euskara erabiltzea. Ebidentzia horien ondorioz, euskara da ardatz egiten dugun eleaniztasunaren planteamenduan. Horrela soilik bidera baitaiteke euskararen eta inguruko beste hizkuntzen arteko berdintasun soziala. Curriculum-diseinuak bi elementuren bidez eragiten du aipatu planteamenduan: hizkuntzen curriculum integratua diseinatuz eta gauzatuz eta konpetentzia linguistikoaren garapena ikas arlo guztietan integratuz.
e. Konpetentzia digitala arlo guztietan integratzen dituen curriculuma
Helburua da ikasleak IKT baliabideen erabilera eraginkorra eta arduratsua egitea bere bizitzako eremu eta egoera guztietan: zeregin bat diseinatzen eta planifikatzean, informazioa kudeatzean, produktu digitalak sortzean, elkarlanean aritzea eta emaitzak komunikatzerakoan. Ikuspuntu horretatik, konpetentzia digitala beste konpetentzien lorpenerako osagai bilakatzen da. Horregatik, IKT baliabideak ikas arlo guztietan integratzen dira.
f. Oinarrizko konpetentzia guztiak barne hartzen dituen ebaluazioa
Ikasleen ikaskuntzaren ebaluazioa ezin bereiz daiteke curriculumeko gainerako osagaietatik. Kontuan hartuta konpetentziez jabetzea hartzen dugula ikasleen irteera-profiltzat, ikasleen ikaskuntzaren ebaluazioa ere bat dator oinarri horrekin.
2. Ikaslearen arloko irteera-profilaren eta integrazio-pedagogiaren baitako unitate didaktikoaren diseinua
Langai den konpetentzia eta hari lotutako egoerak bihurtzen dira unitate didaktikoan landuko diren baliabideen (edukien) hautaketarako erreferentzia nagusia. Jokabide konpetenteak eskatzen du, alde batetik, konpetentziak eskatzen dituen baliabideak ikasleak bereganatu ditzala eta, beste aldetik, baliabide horiek era integratuaz eta estrategikoaz erabil ditzala egoera jakin batean. Beraz, Unitate didaktikoaren sekuentziaren diseinuak ahalbidetzen ditu bi ikaskuntza-motak, jokabide konpetenteak eskatzen dituen biak, hain zuzen ere.