Haur Hezkuntzako garaia oinarrizko aprendizaiak garatzeko unerik egokiena dela esatea ez da, gaur egun, inolako ausardia; alderantziz, onarpen zabala duen baieztapena baizik. Adin hauetan garatzen hasten dira adimenaren gaitasunak, nortasunaren ezaugarriak, gorputzaren ahalmenak, gizarteratze eta harremanetarako hastapenak. Abiapuntu horiek bere garaian sendotasunez finkatzeko egin daitezkeen ahaleginak, inoiz baino eragin biderkatzaileagoak ditu.

Pedagogia tradizionalak ez ditu pertsonaren garapenaren legeak errespetatzen etengabeko aldaketan bizi garelako, ezagutzak transmititze hutsaren logikak ez baitu askorik balio.

Gure haurrek eta gazteek euren buruarengan, besteengan eta euren inguruan segurtasuna duten heinean garatuko dituzte beren gaitasunak.

Pedagogia hori praktikatzen dugunon ikuspegitik, pertsona bakoitza bakarra da, errepikaezina. Gutariko bakoitzak gaitasun jakin batzuk ditugu, behar batzuk, zailtasun batzuk, proiektu eta amets batzuk. Elementu horien arteko konbinazioa bakarra da pertsona bakoitzarengan.

Pertsona, jaiotzen den une beretik, hainbat gaitasunekin dator mundura eta, testuinguruak laguntzen dion neurrian, gaitasun horiek deskubritzen, eguneratzen eta garatzen joango da bizitza osoan zehar.

Horrekin guztiarekin, hauxe bilatzen du Konfiantzaren Pedagogiak: Pertsonari bere hezkuntza-ibilbidean laguntzea, bere buruarengan, besteengan eta inguruan konfiantza izan dezan, bere gaitasunak ahalik eta ondoen garatzeko, zoriontsu izanez.

Modu honetan 2 urteko gelatik abiatuta, hasiera ematen diogu gure ikastolako ibilbideari.

KONFINTZAREN PEDAGOGAIREN EZAUGARRIAK

Konfiantzaren pedagogiak haurra bere osotasunean hartzen du. Asmo nagusia ez da ezagutzak transmititzea, ikaslea bizitzan egokituko zaizkion egoerei aurre egiteko konpetentea bihurtzea baizik, benetako egoerak proposatuz ikaskuntza hori eman dadin. Guzti hau metodologia aktiboak erabiliz.

• Gaitasunen garapenean oinarritua. Pertsonaren gaitasun orokorren (gaitasun kognitiboak, oreka pertsonalekoak, motoreak, komunikatiboak eta gizarteratzekoak) garapena lehenetsi egiten du proiektuak, horiek baitira haurraren garapen orekatuaren eta ezagutzaren jabetzearen oinarriak. Gaitasunak era globalizatuan jasotzen dira, eduki moten aldibereko lanketa bermatuz.

• Ikaskuntza esanguratsua eta ikasle aktiboaren bila. Haurraren bizipenean, esperientzian eta jolasen testuinguruan txertatutako ikas prozesua, haurra gatazka kognitiboen aurrean jarri eta ikaskuntzaren eraikuntza autonomoa eta konpartitua bultzatuz.

• Aniztasuna errespetatzen duena. Haurren garapen prozesu indibidualak errespetatzeko eta aberastasun iturri bezala tratatzeko, ikasmaterial irekia, egokitzapenak errazteko pentsatua, hainbat zailtasun mailetako proposamenak eskainiz, jarduera, eduki edo helburuetan aukeraketa edo aldaketak egiteko bideak erraztuz eta metodologiazko gogoetak eginez.

• Balioen eta jarreren hezkuntzarekin konprometitua. Ikasleen prestakuntza integrala baloratzen du, unibertsalak eta funtsezkoak diren printzipioen hezkuntzari (eskubideen berdintasuna, lagunkidetasuna, justizia, osasunaren balorazioa, askatasuna) arreta berezia, sistematikoa eta kontzientea ematen diona. Honela, proiektuetako jardueretan ikuspuntu hau integratu egiten da, baita zenbait proposamen berezi aurkeztu ere, haurren bizitzan gerta daitezkeen arazodun egoerak behatu, interpretatu, eztabaidatu eta irtenbideak bilatzeko aukerak eskainiz.

KONFIANTZAREN PEDAGOGIAREN BARNEAN, HAUR HEZKUNTZAKO IKASLEEN EZAUGARRI OROKORRAK

2-3 URTEKO HAURRAK

Ziklo honen lehen urtean zenbait haur lehen aldiz izango da Haur Hezkuntzako zentro batean. Hori dela eta, irakasle, zaintzako langile eta gurasoen arteko harremana, eta gelan parte hartze eta presentzia bermatzea ezinbestekotzat jotzen dugu. Haur bakoitzaren etxekotze prozesua martxan jartzen dugu, ikasle eta familia bakoitzaren beharretara egokituz. Honetarako, entrebista pertsonalizatuak egiten ditugu.

Praktika pedagogikoaren oinarriak, jarduera-ekintza, jolasa, behaketa eta esperimentazioa dira, bai banaka eta baita taldeka ere.

3-6 URTEKO HAURRAK

Haurren interesetik abiatuz eta gure jardunean oinarri ikaslea hartuz,  gaiak proiektu bidez lantzen ditugu. Honetarako bizitzan zehar agertuko zaizkion arazo eta egoerei aurre egiteko konfiantzazko giroa eta ingurune segurua sustatuko ditugu.

Proposatzen diren jardueretan zailtasun maila desberdinak egotea bermatuz, jarduera-ekintza, jolasa, behaketa eta esperimentazioa dira, praktika pedagogikoaren oinarriak, bai banaka eta baita taldeka ere.

Elkartasuna, elkarbizitza, berdintasuna eta aniztasuna bultzatuko ditugu eta amaierako produktuari begira herriari ekarpena egingo dioten proiektuak burutuko ditugu.

 IRIZPIDE METODOLOGIAK

  • IKUSPEGI ERAIKITZAILEA

Jarduerak ez dira era isolatuan eta testuingurutik kanpo aurkezten, haurrak zentzua hartuko dion hari bati jarraituz baizik. Testuinguru baten barruan zentzua eta funtzionaltasuna izango duten jarduerak proposatzea da helburua.

Ikasketa esanguratsuak sustatu nahi dira eta horregatik haurraren bizitzarekin, esperientziekin eta interesekin lotura egiten da, gelatik kanpo ahalik eta testuinguratze handiena bilatuz. Horretarako ekintza eta jolasaren garrantzia kontuan hartzen da eta proposamenean izaera ludikoa duten hainbat eta hainbat jarduera txertatzen dira.

Haurra gatazka kognitiboen aurrean jartzen saiatzen gara, bere garapen maila errespetatuz, garapen-eremu hurbila bilatuz eta bertan eraginez.

Emaitza berari baino garrantzi handiagoa ematen zaio prozesuari, haurrak aktiboki jarduteari, adin hauetan ikasteko edukiak baino garrantzi handiagoa baitauka haurraren inguruan sortzen den giroak eta irakaslearekin eta beste lagunekin antolatzen diren harremanen dinamikak.

  • PROBLEMEN EBAZPENA

Problemen ebazpenean jarrerak garrantzi handia du, jarrera baikor bat ezinbestekoa da. Problemari aurre egiteko ohitura sortu behar da eta horretarako zaindu behar diren gaitasunak izakera afektiboa dute: autokonfiantza, norberaren gaitasunak baloratzea, autonomia, ekimena…

  • TALDEKATZEA

Ikastola  berritzailearen nortasun zeinuetatik esanahikorrenetako bat, talde lana da, kooperazioa eta ikasleen arteko eta hauen eta irakaslearen arteko intererlazioen gehitzea.

Ikuspegi intelektualetik horixe da egokiena benetako ideien elkartrukaketa eta eztabaida errazteko, hau da, pentsamendu kritikoa, objektibitatea eta hausnarketa diskurtsiboa hezitzeko jokabideak garatzeko.

  • ANIZTASUNAREN TRATAERA

Gizakiak edozein tokitatik begiratuta ere, anitzak gara.  Helburua denek erreflexiboki lan egin ahal izatea eta pentsamendua eraikitzea da, kolektiboki. Inor ez dadila aspertu, inork ez dezala porrota edo marginazioa sentitu.

Zalantzarik gabe, lehen urratsa, bakoitzaren pentsamendutik abiatzea da eta kasu bakoitzean zer ikasi dezakeen jakinez.

Jarduera esanguratsuak, motibatzaileak eta funtzionalak, ebaluazio formatibo eta pertsonalizatua; hauek dira aniztasunean hezitzeko oinarrizko osagaiak.

  • GURASOEKIKO HARREMANA

Haur txikien aprendizaia beren eguneroko bizitzan sustraituta dago, beren esperientzia eta bibentzietan sustraituta. Eskolan eta eskolatik kanpo egiten duten guztia elkar-erlazionaturik dago.

Guraso eta irakasleak kontziente dira, bi ekintza hezitzaile hauek osagarriak direla eta izan behar dutela.

Gurasoen inplikazioa eta partaidetza beraz, oso garrantzitsua da. Gaia edo proiektuaren arabera gelan beraien maila aportatzeko ateak zabalik  dituzte. Haurrarengan oso eragin baikorra sortzen dute eta Ikastola eta familiaren heziketaren arteko jarraipena bermatzen da.