Aurkezpena

Haur Hezkuntzak berebiziko garrantzia du bai haurraren garapen osoan, baita euskalduntze prozesuan ere. Etapa honetan garatzen hasten dira, hain zuzen, adimenaren gaitasunak, nortasunaren ezaugarriak, gorputzaren ahalmenak, gizarteratze eta harremanetarako hastapenak. Beraz hezkuntza arloan betekizun nagusia du. Betekizun horri erantzun nahian hezkuntza komunitatearen etengabeko ikerketa eta hobekuntza prozesuaren pauso berri bat da URTXINTXA proiektua. Proiektu honen berrikuntza nagusiak honakoak lirateke: hezkuntz proiektua hobetzea curriculum diseinuaren ulermen maila erraztuz eta koherentzia bertikala ziurtatuz; zehar lerroekiko konpromisoa indartzea; aniztasunari erantzuna emateko bide berriak jorratzea; eleaniztasunaren hainbat eragile integratzea; irakurketa idazketaren paradigma eraikitzailea garatzea.

Urtxintxa IKASTOLEN ELKARTEAK SORTUTAKO MATERIALA DA, eta modu globalizatu batean landuko dena ipuina ardatz hartuta.

Lehen aipatu bezala, hezkuntza etapa honen ezaugarririk nabarmenetako bat haurraren izate globala da. Haren ekintza eta jarduera guztietan eta inguruko munduarekin dituen harremanetan, pertsonaren dimentsio guztiak oso estuki lotuta daude, bana ezinak dira, eta ezin dira bakoitza bere aldetik garatu.

Horregatik URTXINTXA proiektuak ikuspegi globalizatzaile batetik, haurraren garapenaren alderdi guztiak elkarrekin lantzea ahalbideratuko duen hezkuntza markoa sortu nahi izan du.

Esperientzi eremu guztiak batera, interesgune baten inguruan garatu egiten dira. Interesgune horren aurkezpenerako abiapuntua, horren arabera hautatu, moldatu edo sortutako ipuin bat da.

Honenbestez, URTXINTXAren unitate didaktikoen antolaketaren ardatza, interesguneen garapen tematikoa izango da. Jarduerak sekuentzia tematiko hauen arabera lotzen joango dira, eremuetako jarduerak gaiaren segida logikoan eskainiko direlarik. Eremuak errealitatean bana ezinak direnez, jarduera bakoitzak eremuetako helburu didaktikoak landu ditzake.

Ikasleek gaiaren bilakaera jarrai dezaten, unitatearen ikas-norabidea marrazkien bidez islatuko da haien lan-koadernoan. Ikas-norabideak hainbat funtzio ditu unitatean zehar: hasieran, aurre-ebaluazioa eta sarrerako motibazioa bideratuko ditu; tartean, gaiaren bilakaeraren sekuentzia tematikoak identifikatzen lagunduko du; bukaeran sintesia eta azken balorazioa egiteko modua eskainiko du.

Globalizazioaren ikuspegi honetan txertatzen da URTXINTXAren curriculumeko ardatz nagusietako bat, hizkuntzaren (euskararen) trataera. Euskarari zehar lerro trataera esplizitua ematen zaio, eremu guztiak besarkatzen dituelarik. Jardueretan sortutako hizkuntz erabilerak aztertu eta definitu egiten dira eta haien lanketa helburu didaktikoetan irudikatzen da.

Hizkuntza lantzeko proposamen espezifikoak ere egiten dira, jakina, ipuina hizkuntzaren lanketa bereziaren muin bezala hartuta. Proposamen berezi hauetan, haurren hizkuntz abiapuntuak kontuan hartu dira, bakoitzari egokitutako proposamen didaktikoak eskainiz. Eleanitz proiektuan garatutako metodologiazko berrikuntzak euskarari aplikatzen zaizkio haur erdaldunen euskalduntze prozesua erraztu nahian.

Haur Hezkuntzan aspaldian hasitako bidea jorratzeari jarraituz, hizkuntza idatziaren sarrera egiten du URTXINTXAk. Komunikazio hizkuntza honen inguruko haurren bizipen naturaletatik abiatuz, idatziaren behaketa, interpretazioa eta haren bidezko komunikazioa lantzen dira, helburu nagusia hizkuntza idatziarekiko motibazio eta jarrera baikor bat garatzea delarik.

Ikasmaterialari dagokionez, honakoa erabiltzen dugu material osagarri modura:

URTXINTXA 3 URTE:

  • Ipuinen laminak
  • Horma-irudia
  • CD / CD room
  • Alfabetoa
  • Zenbakiak
  • Azalpen testuak
  • Hiztegia iruditan eta idatziz.

URTXINTXA 4 URTE:

  • Ipuinen laminak.
  • -Horma-irudia
  • CD / CD room
  • Azalpen testuak
  • Letra mugikorra
  • Zenbaki mugikorrak
  • Hiztegia iruditan eta idatziz.

URTXINTXA 5 URTE:

  • Ipuinen laminak
  • Horma-irudia
  • CD / CDroom
  • Azalpen testuak
  • Alfabetoa (inprentaz eta letra txikiz)
  • Hiztegia iruditan eta idatziz